XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.4. FARADAYREN SAIAKUNTZAK. KARGA ELEKTRIKOAREN KONTSERBAZIO-PRINTZIPIOA

Faradayk (1843) oinarri isolatzailean kokaturiko eroale hutsaz edo metalezko kuboaz egindako saiakuntzak ezagunak dira.

1. A gorputz metaliko elektrizatua B ontzira hau ukitu gabe sartuta, honakoa ikusten da: B ontzia kanpoko aldetik A-ren zeinu bereko elektrizitateaz kargatzen dela eta barneko aldetik kontrako zeinuko elektrizitateaz.

Kargaren intentsitatea berdina da A eroalea edozein puntutan kokatuta ere.

Gorputz elektrizatua ontzitik ateratzen denean, B-n elektrizazio-arrasto guztiak desagertu egiten dira.

2. A sartu eta barnean dagoela B ukitzen badu, elektroskopioko orrien aldarapena lehengo kasuan bezalakoa da, baina orain A gorputza ontzitik ateratzen bada, B gorputzean aldarapenak segitu egiten du eta A erabat deskargaturik azaltzen da.

Zalantzarik gabe, karga B gorputzera pasatu da.

3. B ontzia deskargatu ondoren berriz ere A kargaturik sartzen bada eta A barruan dela B ontzia eskuaz edo lurrera konektatutako eroaleaz ukitzen bada, elektroskopioa berehala deskargaturik azaltzen da.

Baina lurrerako kontaktua kenduta A gorputza ontzitik kentzen bada, elektroskopioaren orriak aldaratu egiten dira berriz.

B ontzian geratu den kargak A-ren kontrako zeinua duela ikusten da.

Eta azkenik, B horrela kargaturik eta isolaturik dagoenean A-rekin ukitzen bada, kargak neutralizatu egiten dira eta ondorioz A eta B-ko elektrizazioa desagertu egiten da.

4. B deskargatuta eta isolaturik dagoela, sar dezagun A kargaturik eta gero beste gorputz bat C deskargaturik.